Albisteak

 

Imanol Casan Gonzalez piano-jotzaile ugaotarrak Euskadiko Ikasleen Orkestran hutsik zegoen piano-jotzaile plaza lortu du, hautaketa-proban aipatutako postua betetzea helburu zuten hautagai guztien artean nagusitu ostean.

“Joan den domekan -22an-, EIOk (Euskadiko Ikasleen Orkestra) antolatutako probara aurkeztu nintzen. Piano-jotzaile plaza huts bakarra zutela jakin, eta zalantza barik izena eman nuen.”, adierazi du Casanek, “Hasiera baten, azterketa mota hauetara ohitzeko asmoz joan nintzen probara, ez nuen hautatua izateko batere itxaropenik. Martitzenean, hilak 24, Orkestraren web orrian sartu, eta nire izena piano-jotzaile laukian ikusi nuenean, zur eta lur geratu nintzen” erantsi du. EIOn 70 lagun daude biolin, kontrabaxu, txirula… eta abarren artean, “piano-jotzaile batentzako ohore handia da orkestra honetan parte hartu ahal izatea, Orkestren artean piano-jotzaile bat aurkitzea oso zaila izaten baita”. “Laster Kolonbiara joan eta han Bogotako Orkestra Gaztearekin parte joko dugu. Han astebete egongo gara kontzertuak eskaintzen, eta ondoren Euskaditik mugituko gara”.

Imanol 1995eko ekainaren 14an jaio zen. Lau urterekin Ugao-Miraballesko Musika Akademian hasi zen. Zazpirekin piano ikasketei ekin zien, eta bost urtez Sarrikon dagoen Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioko sarrera-probarako prestatzen jardun zuen Ugaon berton. Hamabi urterekin, ebaluazio-proba baten ostean 1. Maila Profesionala ikasten hasi zen, baita ere David Cantalejo herriko piano-jotzailearen irakasle den Agustin Vergararekin.

Urte hauetan, derrigorrezko irakasgaiak ikasteaz gain, Kontserbatorioko abesbatzari lagundu dio, eta zenbaitetan bai Gernikako Alai Aretoko auditorioan bai kontserbatoriokoan jo du.

Iaztik Ugaoko Sarea Abesbatzarekin elkarlanean dihardu. “Iusek eta abesbatzak ni aintzakotzat hartu izanagatik oso pozik nago eta haientzako esker oneko hitzak baino ez ditut”.

2011n, 15 urterekin eta 4. Maila Profesionalean, Euskadiko Musikari Gazteen V. lehiaketara aurkeztu zen. 12 eta 16 urte bitarteko maila altuko 30 piano-jotzaile baino gehiago aurkeztu ziren. Bigarren geratu zen, eta “horrek musikarekin jarraitzeko indarra eman zidan”.

Gaur egun batera ikasten ari da Musika Batxilergoa eta 5. Maila Profesionaleko ikasketak.