Ugao-Miraballesko Udalak, Lanbidek emandako diru-laguntzaren bitartez, hilabete honetan bost pertsona kontratatuko ditu lanpostu jakin hauek betetzeko: bi administrari laguntzaile, lanbide-orientatzaile bat, merkataritzako teknikari bat eta peoi bat. Aldi baterako kontratuak izango dira, 6 hilekoak, peoiaren kasuan izan ezik (hiru hilabetekoa), eta gutxi gorabehera urtarrilaren 23tik aurrera hasiko dira lanean.
Lanbideren deialdiaren arabera (11-04-01eko EHAA), berariazko baldintza batzuk bete behar dira. Ugao-Miraballesko Udalaren kasuan, gutxienez kontratatuetako bat 18 eta 30 urte bitartekoa izan behar da, eta beste bat diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duena. Diru-laguntzaren xedea da prestaziorik jasotzen ez duten langabeak eta/edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak kontratatzea.
Udalerrian jarritako bando batzuetan eta gazte informaziorako gunean eskainitako informazioan iragarri bezala, hautaketa honetan parte hartu ahal izateko, ezinbesteko baldintza da Lanbiden erregistratuta egotea; izan ere, erakunde horrek igorriko du erregistratutako pertsonen zerrenda, eta kanpoko enpresa batek behin betiko hautaketa kudeatzeko oinarri gisa balioko du, aurrez aurreko elkarrizketak egin eta horien curriculum vitae-ak jasoko baititu.